29. Makina-erremintaren Biurtekoa aurkeztu zaie Madrilen merkataritza-bulegoei eta enbaxadei

Iturria: Irekia

Gaur aurkeztu da Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkaritzan 29. Makina-erremintaren Biurtekoa, merkataritza-bulegoei eta enbaxadei zuzendutako ekitaldian. Halaber, ekitaldi horren bidez, hasiera eman zaio 2017ko industria-azoken merkaturatzeari. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren, SPRI-Enpresa-garapenerako Euskal Agentziaren eta Bilbao Exhibition Centerraren arteko lankidetzaren fruitu da ekimen hori, eta azoka profesionalak nazioartean sustatzea du xede.

Ekitaldiko protagonista nagusia Makina-erremintaren Biurtekoaren arduradun Mari Carmen Gorostiza izan da. Azpimarratu duenez, azoka Estatuko industria-bilgune handiena da, eta arlo horretan Europan egiten diren hiru hitzordu nagusietako bat. Gainera, maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean egingo den Makina-erremintaren Biurteko hori azken urteetako onena izango da, industriaren susperraldiari esker, eta fabrikazio aurreratuaren erronkak ulertzera zuzendutako gunea izango da. Zehazki, 20 herrialdetako abangoardiako 1.400 erakusle baino gehiago bilduko dira, eta teknologia berritzaileenak aurkeztuko dituzte azokan. Azoka nagusiaz gain, hauek ere egingo dira: ADDIT3D, Gehikuntzazko fabrikazioa eta 3Dren Nazioarteko Azoka, WORKinn, Industriako Enplegu eta Prestakuntza Foroa, Oil&Gas Conference eta Maintenance Innovation Conference.

Bestalde, gaurko aurkezpenak, halaber, balio izan du 2017ko maiatza eta ekaina bitartean Ferroforma, Azpikontratazio, Fitmaq, Pumps&Valves eta Maintenance azokek eskainiko dutenaren merkataritza-eskemaren zirriborroa iragartzeko. Bost ekitaldi horiek data bertsuetan egingo dira datozen urtean ere, 2015ean izandako arrakasta dela eta. Orduan, plataforma handi bat eratu zuten produktuen, teknologien eta industria-zerbitzuen arloan, sinergia interesgarriak eraginez maila guztietan.

Era berean, kidego diplomatikoko ordezkariei Euskadiko industriaren espezializazio-maila handiaren berri eman zaie. Horrenbestez, industriako inbertsioak edo merkataritza-harremanak erakartzeko poloa da.

BEC-en, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren eta atzerri-sustapenerako SPRI atzerri-sarearen lankidetzari esker, 2005 urtetik hona, 4.500 erosletik gora bertaratu dira euskal azoka-aretora. Erosleak eskuordetzeko programak oso balorazio ona du erakusleen artean eta funtsezko pieza da bi erakunde horien nazioartekotze-estrategian. Gainera, akordio horri esker, BEC-en kanpo-enpresek antolatuko ekitaldiak ezagutarazten eta interes komuneko proiektu berriak garatzen dira.

Iturria: Irekia

-ek idatzirik|2021-04-09T13:25:04+02:0014 de apirila de 2016|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top