Baikortasuna, adosturiko eskariak eta harreman berriak

Erakusketarien lehenengo balorazioak, azokaren aurreneko lau egunak igarota, bat datoz: baikortasuna, harreman berriak, profesional kopuru handiagoa eta adosturiko eskariak izaten ari dira BIEMH 2014-ren bereizgarriak. “Azokek hil ugariz sortzen dituzte eskariak eta argumentuak” adierazi du David Gatell DMG MORI Ibérica-ren Zuzendari Nagusiak, eta bezeroen baikortasuna eta bere standean izandako bisita kopurua nabarmendu ditu. “Urte zailak igaro ondoren, aldaketa sumatzen da; gai berri asko atera dira eta aurretik landutako beste batzuk itxi ditugu” erantsi du.

Bestetik, Roberto Díez Tecoi-ren Salmenta Arduradunak ere balantze positiboa egin du, bereziki nabarmenduta makina baten salmenta asteon eta bezero txikiaren itzulera. “Eskari garrantzitsu bat adostu dugu eta, une honetan, ia 50 eskaintza egin dizkiegu bezero txikiei, zerbait mugitzen ari den seinale… Gainera, “low cost” makina-sail berri bat aurkeztu dugu, 100.000 eurotik beherakoa, oso harrera ona izan duena”. “Azokatik aurre-salmenta ugari ateratzen dira, eta, gainera, gure bezero bolumena dela-eta hemen egon behar dugu, haiek artatzeko, gure nobedadeak aurkezteko, bezero berriekin harremanetan sartzeko eta haiek guztiek gure enpresaren pisua ikusteko, azken urteotan nazioarteko hazkunde nabarmena izan baitu”.

Erosle izan litezkeenen jarrerari dagokionez, Koldo Arandia IBARMIA-ren Zuzendari Nagusiaren balorazioa argia da: “Orain, jarrera 2012an baino askoz ere hobea da, eta inbertsioak aztertzearen aldeko jarrera handiagoa dago”. “Jasotako kontsultak interesgarriak izan dira, eta merkataritza-harreman zehatzetan ardaztuta zeuden, beraz, pozik gaude” azpimarratu du. Zentzu horretan, Ignacio Llauradó HITACHI-ren Europako Salmentaburuak bezeroekin elkarrizketetan sakontzeko eta haiekin harremana finkatzeko gune gisa azokak duen balioa nabarmendu du. Japoniako elektronika-multinazionala bigarrenez izan da BIEMH-en.

-ek idatzirik|2021-04-09T13:25:57+02:006 de ekaina de 2014|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top