BIEMH 2016k arrakastaz itxi du industriaren susperraldiaren maila berean egon den edizioa

Itxaropenak positiboak ziren, eta berretsi egin ziren. Guztira 40.000 lagunek bisitatu zuten Makina Erremintaren Biurtekoa, industriaren susperraldiaren maila berean egon den edizioa. Teknologia negozio bilakatu zen joan den astean Bilbao Exhibition Centren. Biurteko honetan, bisitari-kopurua % 13 hazi zen, enpresentzako intereseko eremu berriak izan zituen eta sektore parte-hartzaile guztietan eskaerak egin ziren.

Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreren Zuzendari Nagusia, pozik agertu zen azokaren emaitzekin; izan ere, ondokoa adierazi zuen: “Sekulako Biurtekoa izan da, lehengoak bezalakoa, eta ez bakarrik partaidetzaren gaineko datuengatik, baizik eta giroagatik, erakusketarien eta bisitarien arteko hartu-eman positibo orokorragatik eta barne-eskaeraren hazkuntzak eragindako erosketengatik”. Basañezek, azokaren azken eguneko eguerdiko prentsaurrekoan, honako hau esan zuen: “Aste osoan, Biurtekoa munduko makina-erremintaren epizentroa izan da”. Horrez gain, prentsaurrekoa baliatu zuen esateko 30. edizioa 2018ko maiatzaren 28tik ekainaren 1era (astelehenetik ostiralera) izango dela, eta aurtengoak baino egun bat gutxiago (larunbata) izango duela.

Horrez gain, AFM-Advanced Manufacturing Technologies elkartearen Presidente Antxon Lopez Usozek azokan erakutsitako eskaintzaren kalitatea azpimarratu zuen, bai eta bisitari profesionalen profila ere. “Goi-mailako makinak eta ekipoak ikusi ditugu azokan, eta mugimendu handia ere bai. Datuek hala berresten dute: negozioa sortu da BIEMHen” adierazi zuen Lopezek fabrikatzaile eta inportatzaileei egindako inkesten emaitzak aintzat hartuta. Azokari buruzko iritzi orokorra puntu bat igo da 2014koari dagokionez, soberako oso ongia erdietsita: 7,7. ADDIT3D-Fabrikazio Gehigarriaren eta 3Dren azokak ere oso iritzi onak eragin ditu erakusketarien artean, 8 puntuko nota jaso baitu.

Asebetetzea izan da nagusi, halaber, AIMHE-Makina Erremintaren Esportatzaileen Elkarteko kide diren erakusketarien artean, elkartearen Presidente Jorge Garcíaren esanetan: “Azokaren osteko salmenta-itxaropenak handiak dira, BIEMHera inbertitzeko eta erosteko asmoz hurbildutako bisiten kalitateari esker”. “Gure merkatua Europako batez bestekoaren gainetik dago, dinamismoari dagokionez, eta hori islatu egin da azokan” adierazi zuen.

BIEMH azokaren 29. edizioan erregistraturiko bisitarien parte-hartzearen gaineko datuei dagokienez, nabarmendu beharra dago profesionalen % 45 Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak izan direla, eta horietatik % 5 54 herrialdetako atzerritarrak. Zehazki, tokiko bisitariak Katalunia, Gaztela eta Leon, Nafarroa eta Madriletik etorri ziren nagusiki. Nazioartean, nabarmena izan zen Portugal, Frantzia, Alemania, Italia, Txina, Kolonbia, Argentina, Mexiko, Austria eta Indiako profesionalen bisita. Bitxikeria gisa, Biurtekoan Iran, Lituania, Australia, Singapur, Siria eta Ipar Koreako erosleak izan ziren.

BIEMHen aurkezturiko eskaintza-bolumena zela-eta, egonaldia luzeagoa izan zen azokan bertan, eta, ondorioz, ostatu-gauen kopurua ere bai. Hortaz, eragin ekonomikoa handiagoa izan da ingurunean.

Ondoko sektoreek eragin zuten bisitarien interes handiena: osagai metalikoak, makina-erremintarako osagarriak, osagai hidrauliko eta pneumatikoak, txirbil-harroketa bidezko makina-erreminta, ekipo elektriko eta elektronikoak, makina-erremintarako erremintak eta deformazio bidezko makina-erreminta, besteak beste. Jardunaldi eta bilerei dagokienez, BIEMHek 1.200 profesional parte-hartzaile bildu zituen antolaturiko jardueretan.

Sektorearekiko babes instituzionala agerian geratu zen; izan ere, hainbat erakunderen ordezkariak bertaratu ziren: Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, ICEX-Espainia Esportazioa eta Inbertsioak, CDTI-Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa, Araba eta Bizkaiko Merkataritza Ganberak, ADEGI-Gipuzkoako Merkatarien Elkartea eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, besteak beste.

Jarduera horrek guztiak isla izan zuen Bilbao Exhibition Centreren on-line zerbitzu eta informazio-plataformetan. BIEMHeko Erakusketarien Direktorioak 400.000 bisita jaso zituen urtarrilean ireki zenetik; BIEMHen webguneak, berriz, 255.000 bisita. Sareetan ere mugimendua etengabekoa izan zen; urtarriletik, guztira, 185.000 txio Twitterren eta 170.074 iruzkin Linkedlnen.

Maiatzaren 30etik ekainaren 4ra, fabrikatzaile, inportatzaile, banatzaile eta erosle nagusiak bildu ziren BIEMH-Makina Erremintaren Biurtekoaren azken urteotako ediziorik onenean. Estatuko topaketa industrial handia indartsu itzuli da aurten: hogeita hamar herrialdetako 1.533 enpresa erakusketari, 2.605 produktu, horietatik 1.163 tamaina handiko makinak martxan, eta 36 milioi euroan zenbatetsitako eragin ekonomikoa.

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan zen mahaiburu 29. BIEMHen inaugurazio-ekitaldian, ondokoak lagun: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburu eta Bilbao Exhibition Centreren Presidentea; Unai Rementería Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Antxon Lopez Usoz Makina Erreminta Fabrikatzaileen Elkartearen Presidentea; Juan Mª Aburto eta Amaia del Campo Bilboko eta Barakaldoko alkateak, hurrenez hurren; Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberaren Presidentea; eta, azkenik, Xabier Basañez BECen Zuzendari Nagusia.

-ek idatzirik|2021-04-09T13:22:11+02:008 de ekaina de 2016|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top