BIEMH azokaren hurrengo edizioa 2022ko maiatzean izango da

BIEMH azokak, Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak, 2022ko maiatzean egingo du hurrengo edizioa. Ekitaldiaren antolatzaileek aurtengo azarorako aurreikusita zegoen deialdia atzeratzea erabaki dute egungo testuinguruak planteatzen duen ziurgabetasuna ikusita eta enpresa erakusketarien iritziak jaso ondoren, behin lehentasunezko kontratazio epea amaituta.

Egoera epidemiologikoak sortzen dituen zalantzak direla eta, ezin da bermatu BIEMH azokaren kalitatea sektoreko topaketa nagusi gisa, ez eta fabrikazio aurreratuaren arlora egokitutako maila eta bolumena dituen eskaintza eta eragile nagusien parte hartzea ere. Gauzak horrela, Bilbao Exhibition Centre, AFM-Advanced Manufacturing Technologies eta AIMHE-Makina Erremintaren Inportatzaileen Elkarteko erantzuleek erabaki dute azoka atzeratzea dela aukera arrazoizkoena eta eskerrak eman nahi dizkiete enpresei denbora honetan zehar emandako baldintza gabeko laguntzagatik.

Lan handiko hilabeteak izan dira eta etengabeko azterketa eta monitorizazioak egin dira martxoaren hasieran BIEMH azokaren antolatzaileek maiatzeko deialdia atzeratu behar izan zutenetik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), COVID-19aren eraginez, Osasun Publikoko Larrialdia deklaratzearen ondorioz. Erabaki zail horren ondoren, ahaleginak bikoiztu egin ziren erreferentziako tresna komertzial estrategiko izaten jarraitzeko, oraingoan ere enpresekin lotura estuan lan eginda. Testuinguru horretan erabaki zen erakusketari eta bisitariei erabat neurrirako formatu bat eskaintzea azaroan. “We make it yours” izan zen BIEMH azokak, momentu oso konplikatu batean, sektorearen berreskuratzearekin hartutako konpromiso hori islatzeko hautatu zen leloa.

Hemendik aurrera, BIEMH azokako taldeak konpromiso berarekin lanean jarraituko du, 60 urtetik gorako ibilbide honetan zehar egin duten moduan, enpresa liderrak eta 4.0 berrikuntzaren ikuspegi osoena dituen nazioarteko topaketa bikaina eskaintze aldera. 2022ko maiatzaren 30etik ekainaren 3ra bitartean izango da.

Komunikazio saila, 2020ko irailaren 16an

|2020-09-16T09:28:35+01:00September 16th, 2020|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi