31. BIEMH, maila teknologiko goreneko topaketa

Inicio | 31. BIEMH, maila teknologiko goreneko topaketa

31. BIEMH, maila teknologiko goreneko topaketa

Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa aurkeztu da Hannoverreko EMO azokan

Hannover, 2019.09.18 – Metalezko esfera handi baten irudiaren ondoan, zeinak mundua aldatuko duen teknologia irudikatzen duen, BIEMH azokaren antolatzaileak gaur eguerdian elkartu dira Alemanian hainbat enpresako, entitateko eta komunikabideetako ordezkariekin. Hannoverreko EMO azokan gaur egindako hurrengo edizioaren aurkezpen kanpainaren irudia izan da, zeinak Know/now the future hitz-jokoa duen. Goiburu honek denborari, ezagutzari eta BIEMH azokako enpresa erakusketariek duten berrikuntza-maila altuari erreferentzia egiten die.

Honakoek hartu dute parte ekitaldian: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailburua; Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centre-ko Zuzendari nagusia; Xabier Ortueta, AFM Clusterraren Zuzendari orokorra; Sergio Ruiz de Larrea, Ona Electroerosión-en Zuzendari komertziala; Koldo Arandia, Ibarmia-ren Zuzendari nagusia, eta Rafael Idígoras, Soraluce-ko Zuzendari nagusia. Hiru standetatik egindako ibilbidean, guztiek partekatu dute sektorearen egungo egoerari, haren etorkizunari eta BIEMH 2020 azokari buruzko euren ikuspegia.

“Gure makinei adimena barneratzeko gaitasunak eta haiei konektibitatea eman ahal izateak goitik behera eraldatzen ari da diseinu prozesua, produkzio irtenbide eta aurreikuspen eta mantentze sistemak eskaintzeko aukera berriekin”, adierazi du Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailburuak, ekitaldiaren hasieran. “Gaur egungo Euskadiko manufaktura-industriak % 24,2 hartzen du, baina jakin badakigu zerbitzuen zati handi bat industria aurreratuak osatzen dutela. Makina-erreminta ere lotuta dago industria berri horri; unibertso industrial berri batean murgildu gara, Basque Industry 4.0 estrategiatik artatu duguna, eta Euskadiko industria sare osoari lekua egitea gustatuko litzaigukeena. 2019an, Teknologiako euskal sarea BRTA-Basque Research and Tecnology Alliance delakoaren inguruan bildu da, industria sistemaren osotasunarekin modu estrategikoan lan egiteko, non makina-erremintak haren giharra eta DNA-a ordezkatzen duen. Gaur aurkezten ari garen Bienala Euskadik balio erantsi horren alde egiten ari dela erakusteko topagunea izango da”, azaldu du.

Xabier Basañez, BECen Zuzendari nagusiak, sailburuaren hitzak berretsi ditu bere hitzaldian, eta “etorkizuna aldatuko duen teknologia, dagoeneko hemen duguna, datorren urteko maiatzaren 25 eta 29 bitartean BIEMHen aurkitu ahal izango dela “ gehitu du. “Hitzorduak enpresen fabrikazio prozesuetan inpaktu handiko hedapen teknologiko zabala izango du. BIEMH 2020 erakusleiho aparta bilakatuko da teknologia berritzaileentzat, haiek goi mailako makina-erreminta sektorea hankaz gora ari baitira jartzen”, azaldu du. Makineria handiak funtzionatzen ikustea eta neurrirako soluzioak aurkitzea dira BIEMH azokaren eskaintza eta ezaugarri bereizleak. Erakusketa topagune nagusia bilakatzen ari da Espainian, eta deialdi garrantzitsuenetako bat Europako industria mailan.

31.edizio honetan, erakusketa indartsu itzuliko da. Fabrikatzaile, inportatzaile eta banatzaile nagusiak elkartuko dira, mundu osoko bisitariei zein erosleei azken aurrerakuntzak aurkezteko xedearekin. BIEMH azokaren komertzializazioa berriki hasi bada ere, osagaien eta osagarrien, harroketa bidezko makineriaren, erreminten, deformazio bidezko makineriaren, robotika eta automatizazioaren, metrologia eta kalitate-kontrolaren sektoreetako enpresa nagusiek, besteak beste, berretsi dute euren parte hartzea.

Bestetik, Xabier Ortuetak, AFM Clusterraren Zuzendari orokorrak azaldu duenez, “salmentek, inportazioek eta kontsumoak gora egin dute Espainian azken urteotan, eta BIEMH azokaren iazko edizioa hamarkadako onena izan zen, ondorioz.” “2020rako, nahiz eta egoera apur bat desberdina izan daitekeen, erakusketari asko espero dugu eta kalitatezko milaka bisitari etorriko dela uste dugu edizio zirraragarri honetan.  Espainiako fabrikatzaileek azokarekin izan duten eskaintzaren konpromisoa beti izan da ikaragarria eta makinaz eta merkaturako proposamen interesgarriz betetako azoka izango dugu”, ziurtatu du.

Nazioartekotzea, zalantzarik gabe, da BIEMH azokaren ezaugarri bereizleetako bat. Horregatik, eta Basañezek jakinarazi duen bezala, “erakusketariak biltzeko kanpaina munduko osoko 51 herrialdetan ari dira sustatzen. Lehentasuneko lehenengo taldean sartu dira hurrengo herrialdeak: Alemania, Austria, Belgika, Txina, Danimarka, Estatu Batuak, Frantzia, Grezia, Herbehereak, India, Italia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Suitza, Taiwan edo Turkia. Horrez gain, nazio mailan ere egiten da lan.”

Halaber, BIEMH erakusketak erakusketarien eta bisitarien arteko partaidetza aktiboa sustatzearen alde jarraituko du, eta horretarako harreman komertzialak, sinergiak eta negozio-aukerak erraztuko dituen gunea eskaintzen du. Beraz, nazioko zien nazioarteko erosleei gonbidatzeko VIP programa berriz ere izango da gakoa azokan goi mailako profesionalen parte hartzea bermatzeko orduan. Hurrengo herrialdeetan sustatuko da erakusketa: Alemania, Frantzia, Portugal, Italia, Herbehereak, Polonia, Suedia, Txina, India, Mexiko eta Estatu Batuak, besteak beste.

“Edizio hau oso ona izango dela uste dugu. Espainiako industriak ekipamenduak berritzen jarraitu behar du, eta parte hartuko duten enpresa erakusketariek erosteko asmoa duten bezeroekin elkarreragiten jarraitzeko aukera izango dute”, azaldu du Xabier Ortuetak.

BIEMH azokarekin batera, aldi berean, Bilbao Exhibition Centre-ren 4. Pabiloia “4.0 Pabiloia” bilakatuko da 4.0 industriaren berrikuntza bidean arrakastaz jarduteko beharrezkoak diren teknologiak zuzenean erakusteko. Standen banaketa aurreko ediziokoarekiko aldatuko delarik, eta bertan ospatuko dira BeDIGITAL, teknologia digitalak industrian aplikatzeari zuzendutakoa; ADDIT3D, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azoka, eta IMIC- Industrial Maintenance Innovation Conference erakusketen edizio berriak. Hiru topaketa horietan, erakusketa eremua eta zuzeneko demostrazioak  goi mailako nazioarteko profesionalen partaidetza izango duen hitzaldien programarekin tartekatuko dira. Horrez gain, aurreko lau edizioetako arrakasta ikusita, aurten ere hemen izango da WORKInn, 4.0 industriaren errekrutatze behar berriei erantzuteko talentuaren bila.

2018ko edizioan 61 herrialdetako 42.000 bisitariek hartu zuten parte, eta sektore guztietan eskaerak itxi zituzten azokan. 1.751 enpresa erakusketarik parte hartu zuten. BIEMH azokaren antolatzaileak AFM-Advanced Manufacturing Technologies eta Bilbao Exhibition Centre dira, eta Eusko Jaurlaritzaren eta AIMHE-Makina Erremintaren Inportatzaileen Elkartearen laguntza du.

PUNTA-PUNTAKO HIRU ENPRESA

Erakusketarien lehenengo parte hartzailea Sergio Ruiz de Larrea izan da, Ona Electroerosión-en Zuzendari komertziala, zeinak adierazi duen, BIEMH azokari buruz ari garenean, “Espainia mailako erreferentziako ekitaldiaz ari garela; Espainiako zein Europako erosleentzako eta inbertitzaileentzako foku erakargarri boteretsua, alegia. Teknologia aurreratuan inbertitzea funtsezkoa da industria indartsua eta konektatua garatze aldera, eta BIEMH azokara joan beharra dago inbertsio hori egitera”, ziurtatu du.

Koldo Arandiak, Ibarmiaren Zuzendari orokorrak, adierazi duenez: “Azokari esker, barne-merkatuarekin ditugun loturak sendotu ditzakegu. Berrikuntzak gure inguruan ezagutzera ematea eta probatzea ahalbidetzen digu eta sektorearen topagune nagusia da. Gainera, makina-erremintako eta teknologia aurreratuko eragile nagusi guztiek hartzen duten parte gure erakusketan. Gure produktu eta zerbitzuek irtenbidea ematen dieten beharrak dituzten bezero diren sektore nagusiak ere hurbilduko dira azokara. “Etengabe eguneratzen eta berritzen jarraitu duen erakusketaren bilakaera nabarmena goraipatu nahiko nuke. Abangoardian jarraitzera behartzen gaituzten eremu berriak ere barneratzen, gainera.” adierazi du Arandiak.

Bukatzeko, Rafael Idígoras, Soraluce-ko Zuzendari orokorrak hauxe adierazi du: “bai sektorea bai BIEMH, bere azoka nagusia izanik, prest daude erronkei ahalik eta berme handienekin aurre egiteko”. Horregatik, azpimarratu du Idigorasek, “berriz ere joango gara Bilbora gure bezeroen lehiakortasuna hobetzeko irtenbide aurreratuenekin”.

|2019-10-23T12:42:39+01:00September 18th, 2019|Albistea, Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi