Teknologia, soluzio eta berrikuntza arloko edizio dinamiko eta anbiziotsuena

BIEMH, Makina Erremintaren Nazioarteko Bienala, prestaketa-lanen azken txanpan sartuta dago. Dagoeneko 29 herrialdetatik iritsiko diren 1.430 enpresa erakusketari eta 3.000 produktu eta zerbitzu inguru izango direla baieztatu dute eta, herrialde horien artean, nabarmendu beharrekoak dira Alemania, Italia, Portugal, Estatu Batuak, Japonia eta Taiwan. Funtzionamenduan egongo diren makina handiak izango dira 32. edizioko protagonistak. Hain zuzen ere, Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloi beteko ditu azokak.

Industriarako ezinbestekoak diren sektoreak hartuko ditu azokak: Erauzketako eta deformazioko makinen fabrikazioa eta banaketa (% 35), Robotika eta Automatizazioa (% 20), Erremintak eta osagarriak (% 12), Industriarako digitalizazioa (% 9), Osagai mekanikoak (% 9), Produkziorako eta enpresarako zerbitzuak (% 6), Fabrikazio aditiboa eta 3D (% 5) eta Metrologia (% 4).

Aurten, berritasun gisa, robotikarako, automatizaziorako eta digitalizaziorako bereizitako espazioa bisitatzeko aukera egongo da. Bestalde, Robot Demo izeneko gunea ere bisitagai izango da, sektoreko enpresa liderrek beren azken sorkuntza-lanak erakuts ditzaten.

BIEMHen aurtengo edizioa izango da teknologiarekin, soluzioekin eta berrikuntzarekin lotuta orain arte egindako dinamiko eta anbiziotsuena. Jardueren programa anitza izango du eta, horien artean, BIEMH Talksetak azpimarratu behar dira. Gainera, bisita gidatuak, innovation workshopak eta BIEMH TVren programazioa eskainiko dira, beste hainbat jardueraz gain.

 

Edukien agenda zabala

 Konferentzien, keynoten, workshopen eta mahai-inguruen bidez, BIEMH Talksek industriaren egoera eta etorkizuneko proiekzioak aztertuko dituzte. Ekainaren 4ko Digital Talksek eraldaketa digitalerako punta-puntako 4.0 teknologiak arakatuko dituzte, bereziki ekipo industrialetako erabiltzaileei zuzendutakoak. Hilaren 5ean, Automation & Robotics Talks ekimenak industriara aplikatutako robotikako eta automatizazioko berritasunak eta garapenak aurkeztuko ditu. Eta ekainaren 6an, Additive Talksek teknologia aditiboaren erronkak, eboluzioa eta ezarpena azpimarratuko dituzte, hainbat arrakasta-kasu azalduz eta esperientzia propioak eskainiz.

Punta-puntako hizlarien artean, besteak beste, hurrengoak izango dira: Leire Orue-Echevarria (Policy Officer-DG CONNECT European Commission), Haden Quinlan (programa zuzendaria MITen-Massachusettseko Teknologia Institutua) eta Gregorio Ameyugo (CEAko adimen artifizialeko eta robotikako dibisioburua). Horiek egingo dituzte keynote-ak.

BIEMH Talkez harago joanda, agendak bisita gidatuak biltzen ditu: -Big Machines Tour, Automation & Robotics Tour e Innovation Tour- eta BIEMH TV, zuzeneko 80 elkarrizketa baino gehiagorekin, jardunaldien gaineko laburpenekin eta azterketekin, eta sustapen-bideoekin.

Bestalde, eta formatu irekiarekin eta dinamikoarekin, BeDIGITALen Innovation Workshope-ek aurrerapen digital esanguratsuenak erakutsiko dituzte. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren-Innobasqueren, Innotech eremuan, ikerketako eta berrikuntzako proiektuak ezagutaraziko dituzte eta ekainaren 3an, 4an eta 5ean hitzaldietara joateko aukera egongo da.

Gainera, erakusketarien eta bisitarien arteko harremana errazteko, networking guneak eta topagune sozialak izango dira. Horietako bi, adibidez, Get Together–a eta BIEMH Fest izango dira, azokako esperientzia aberastea xede duten beste ekimen batzuez gain.

 

Erosle estrategikoen presentzia handia

140 herrialde baino gehiagotan egindako kanapinari esker, BIEMHek erosleen presentzia handia izango du, batik bat, hurrengo herrialdetatik iritsitakoak: AEBak, Frantzia, Portugal, Turkia, Kanada, India edo Mexiko. Azken herrialde hori izango da, gainera, 32. BIEMHeko herrialde gonbidatua. Presentzia handia izan ohi du azokan Mexikok eta merkatu estrategikoa da, batez ere aurrera eramaten ari den nearshoring politikari esker eta T-MEC akordioa sinatu ondoren. Azoka aurretik, Mexikok eskaintzen dituen negozio-aukerei buruzko webinarra antolatuko da, enpresa erakusketariek azoka ahalik eta hobeto aprobetxatzeko.

Automobilgintzako, sektore aeroespazialeko, etxetresna elektrikoetako, moldisten sektoreko eta banaketako Mexikoko enpresa ugarik baieztatu dute azokan parte hartuko dutela. Enpresa horiek Hosted Buyers’ Programme izenekoan hartuko dute parte. Mundu mailan sektorean liderrak diren azoken arteko ekimen berezia da eta BIEMH bisitatzeko erakargarri bihurtu da. Programak enpresa erakusketarien eskaerak jasotzen ditu eta negozio-bilerak ixteko ehunka profesional estrategiko azokan bertan izatea bermatzen du.

BIEMHekin batera egingo dira BeDIGITAL, teknologia digitalen aplikazio industriala oinarri duen foroa, eta ADDITƐD, fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketaren nazioarteko azoka. Bestalde, WORKinn Talent Hub ere egingo da: talentuaren eta industriaren arteko topagunea.

 

Bilbao Exhibition Centreren 20. urteurrena

Apirilean, BECek 20 urte bete ditu. BIEMHen neurrira eraikitako abangoardiako eraikina da eta Bilboko Nazioarteko Azokak 120 urte bete ostean, haren lekukoa jaso zuen. Bi hamarkada hauetan, euskal mugez harago ere inpaktua izan duten milaka ekitaldiren lekuko izan da BEC. Euskadiren kanpoko proiekziorako eta garapen sozioekonomikorako lehen mailako espazio gisa lehen mailako postua betetzen du. Misio horrekin eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko helburuarekin sortu zuten barrutia Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko eta Barakaldoko udalek eta Bilboko Merkataritza Ganberak. Zalantzarik gabe, nabarmen gainditu dira helburu horiek. 20 urte hauetan, BECen era askotako 3.172 ekintza egin dira eta horietan 19 milioi pertsona inguruk hartu dute parte.

 

BIEMH 2024 AFM, Machine Tool Manufacturers; AIMHE, Machine Tools Importers eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute eta SPRI – Eusko Jaurlaritza da erakunde babeslea.