- Fabrika-eredu berri horrek ekoizpen-ekosistema berri bat irudikatzen du, aurrea hartzen eta jarduten ikasteko gai dena. Kontzientzia, malgutasuna eta lankidetza uztartuz, enpresen produktibitatea % 18 eta % 25 bitartean hobetzen du, betiere modu jasangarrian, eta % 15 inguruko aurrezte operatiboa dakar.
- TECNALIAk ia 300 metro koadroko stand bat izango du, eta bertan, 20 garapen teknologikoren bidez, fabrika-kontzeptu berri hori aurkeztuko du enpresa liderren laguntzarekin. Fabrika kontzeptu horrek enpresen etorkizun industriala aberastea du xede.
- “The Proactive Factory” fabrika-ereduak AA txertatzen du maila guztietan. Esate baterako, AA espezializatua eta agente adimendun oso espezializatuak baliatzen ditu, edota OMNIA izeneko agente adimendunen ekosistema berritzailea, testuingurua ulertzeko, premiei aurre hartzeko eta pertsonen gaitasunaren osagarri gisa jarduteko gai dena.
- Horrez gain, TECNALIAk lau berrikuntza aurkeztuko ditu edizio honetan: Robot humanoidea, zeinaren helburua baita saiakuntzak egitea, potentziala erakustea eta ezagutzan aurrera egitea, pertsonekin modu adimendunean koordinatuta; soldadurako eta fabrikazio aditibo autonomorako soluzio adimendunak; produktibitatean (bai makinan, bai prozesuetan) hurrengo adimen-maila integratzen duen erakusle bat; eta planoen agente analizatzaile bat.
Makina Erremintaren Nazioarteko Bienalean (BIEMH 2026), TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak industria adimendun berrirako ikuspegirik aurreratuena aurkeztuko du: “The Proactive Factory” fabrika bizi, konektatu eta adimenduna. Bertan, pertsonek, robotek, makinek, prozesuek, ibilgailu autonomoek (AMRek) eta sistema adimendunek ingurunea gainbegiratzen dute, etengabeko egokitzapenak egiten dituzte, premiak aurreikusten dituzte eta den-dena sinkronizatzen dute.
Pertsonek, elementu guztien gaineko kontrola mantenduz, fluxu operatibo bakoitzaren helburuak zein diren erabakitzen dute. “The Proactive Factory”k helburu estrategiko argia du: ekoizpen-ekosistema bat lortzea, gai dena aurrea hartzen eta jarduten ikasteko, kontzientzia, malgutasuna eta lankidetza uztartuz, enpresen produktibitatea % 18 eta % 25 artean areagotzeko modu jasangarrian.
“The Proactive Factory” ez da kontzeptu hutsa. Errealitate hori TECNALIAren ia 300 metro koadroko standean (1. pabiloia, E-10) ikus daiteke, non 20 erakustaldi egingo baitira zentro teknologikoak zenbait sektoretan liderrak diren enpresekin lankidetzan garatu dituen soluzioak ezagutarazteko. Soluzio horiek agerian uzten dute ikuspegi proaktiboak aukera ematen duela produkzio-sistema une bakoitzeko beharretara ezin hobeto egokitzeko, eta, horrela, eraginkortasunaren eta produktibitate-hazkundearen inpaktua eta balioa areagotzeko. Kalkuluen arabera, inpaktu horrek ekoizpen-prozesuen denborak % 15 inguru murrizten laguntzen die enpresei; horri esker, haien produktibitatea eta eraginkortasun operatiboa areagotu egiten dira, eta merkaturako trantsizioa bizkortu.
TECNALIAk Bienalaren edizio honetan aurkeztuko duen “The Proactive Factory” fabrika-ereduak industriaren oinarrizko funtzioak eraldatzen ditu, eta hori erakusteko, ingeniaritzaren, ekoizpenaren eta intralogistikaren arloko adibideak baliatuko ditugu.
Agustín Sáenz TECNALIAko Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendariaren esanean: “The Proactive Factory”-rekin, etorkizuneko industria gidatzen dugu; izan ere, eredu horrek datuak erabaki bihurtzen ditu, eta aurrea hartzea, berriz, abantaila lehiakor. “The Proactive Factory”-rekin, prozesu-denborak % 15 murrizten dira, eta eraginkortasun operatiboa % 18 eta % 25 artean handitzen da, adimen artifiziala, simulazio aurreratua eta gizakiaren eta makinaren arteko lankidetza guztiz konektatutako ekosistema industrial batean integratzen baitira”.
TECNALIA industria-arloko enpresetan ezartzen ari den paradigma berri bat da, eta enpresa horiekin egiten den jarduera % 15 handitu duena azken bi urteetan. TECNALIA, gaur egun, industria-arloko 1.090 enpresarekin baino gehiagorekin ari da lankidetzan (haietatik % 73 ETEak), robotika kolaboratiboarekin, automatizazioarekin, konektagarritasunarekin, adimen artifizial aplikatuarekin eta materialen zirkulartasunarekin erlazionatutako soluzio teknologikoak ezartzeko.
Bestalde, TECNALIAk 4.600 soluzio teknologiko baino gehiago garatu ditu industriarekin lankidetzan. Jarduera horrek inpaktu handia izan du inguruan. Hala, haren jarduerak Euskadin 890 milioi euroko BPGa sortzen lagundu du 2024an. Gainera, enpresek, TECNALIArekin I+Gan inbertitutako euro bakoitzeko, enpresaren emaitza-kontuan 17,08 € euro lortu dituzte 2024an. (Eskuragarri dauden azken datuak).
Bienaleko berritasunak
“The Proactive Factory” proiektuari esker, ingurune bizi bihurtuko du TECNALIAk bere standa, non frogatu ahal izango baita industria kontzienteagoa, malguagoa eta kolaboratiboagoa izan daitekeela, eta, ondorioz, baita produktiboagoa ere (enpresen produktibitatea % 18-25 handitu daiteke modu jasangarrian). Industria-eredu horrek AA banatua, simulazio aurreratua, makina eta prozesu adimendunak, robotika kolaboratiboa eta giza talentu areagotua uztartzen ditu industriaren etorkizuna berridazteko.
Europan 40 enpresa baino gehiago ari dira robot humanoideak garatzen eta AA aurreratua industrian aplikatzen, besteak beste, NEURA Robotics, PAL Robotics, Engineered Arts eta ABB Robotics. Merkatu hori 7.000 milioi eurotik gorakoa da dagoeneko, eta zifra horiek bikoiztu egin litezke 2030 baino lehen, automatizazio adimendunaren gorakadaren eta langile kualifikatuen eskasiaren ondorioz.
Gaur egun, robot humanoideen sektoreak, 400 enpresa liderrek bultzatuta, 3.000 milioi euro inguru mugitzen ditu mundu osoan, eta kopuru hori 14.000 milioi eurotik gorakoa izan liteke 2030ean. Europan 30 konpainia inguruk egiten dute lan sektore horretan. Gaur egun, sektore horren merkatua 300 milioi euro ingurukoa da, eta aurreikuspenen arabera, 600 milioi eurotik 3.800 milioi eurora bitartekoa izango da hurrengo hamarkadan, hau da, merkatu globalaren % 20 inguru izatera igaroko da. Bultzada horren ondorioz, humanoideak eta AA banatua logistikan, fabrikazioan, ikuskaritzan eta mantentze-lan industrialean integratzen ari dira.
Testuinguru horretan kokatzen da TECNALIAren apustua, eta “The Proactive Factory” ereduak agerian utzi du “AA banatuaren, makina adimendunen, robotika kolaboratiboaren eta humanoide esperimental baten konbinazioak industria-produktibitatea handitzea ahalbidetzen duela. Teknologia horiek enpresa liderrekin baliozkotzean, TECNALIA funtsezko eragile bihurtzen da Europak fabrika kontzienteago, malguago eta autonomoagoetarako trantsizioa bizkortu dezan”, adierazi du David Sánchez TECNALIAko Industria eta Mugikortasun arduradunak.
Proiektu horietako asko sektoreko enpresa liderrekin lankidetzan garatu dira, hala nola IBARMIA, IRIZAR FORGE, AMETS, IDEABLE, ACEROS OLARRA, SmartPM, MTORRES, NICOLÁS CORREA, MURUETA ONTZIOLAK eta ZEATZ. Kasu erreal horiek aukera ematen dute “Proactive Factory” ikuspegia industria-ingurune jakin batzuetan baliozkotzeko, eta berrikuntza laborategitik zuzenean ekoizpen-plantara eramateko, prozesu horren denbora % 15 murriztuz.
Edizio honetako berrikuntzen artean, OMNIA dago. AA banatu bat da, gai dena testuinguru operatiboa ulertzeko eta beharrei aurrea hartzeko; ahots- eta testu-morroi gisa funtzionatzen du, eta gai da interpretatzeko, aztertzeko eta iradokitzeko. Arkitektura horri esker, fabrikak prozesuak automatizatu ez ezik, arrazoitu ere egiten ditu, esperientziatik ikasten du, eta erabaki estrategikoak hartzen laguntzen die pertsonei.
Gainera, lau berrikuntza hauek nabarmenduko dira standean, dagokien eremuan: aplikazio industrial bateko robot humanoide bat (ikerketa-fasean), langileekin lankidetzan aritzeko gaitasuna duena; soldadurako eta fabrikazio aditibo autonomoko soluzio aurreratuak; makina eta prozesu adimendunen adibide bat; eta planoen agente analizatzailea bat.
Robot humanoidea, zeinaren helburua baita saiakuntzak egitea, potentziala erakustea eta ezagutzan aurrera egitea, pertsonekin modu adimendunean koordinatuta.
“The Proactive Factory”ren gune intralogistikoan txertatua dago, eta erakutsiko du zertan lagundu dezakeen robotika aurreratuak industria-ingurune dinamikoetan.
Robot horrek teleoperazio aurreratua eta errefortzu eta imitazio bidezko ikaskuntza-teknikak konbinatzen ditu, eta horrek aukera ematen dio giza keinuak egiteko, ingurunera egokitzeko eta zeregin logistikoak zehaztasunez gauzatzeko. Piezak manipulatzeko, egoerak gainbegiratzeko, gorabehera bisualak detektatzeko eta operazioetan laguntzeko gai da; hala, prozesuaren irismena eta segurtasuna areagotzen ditu. Prozesu horretan, nolanahi ere, giza trebetasunak funtsezkoa izaten jarraitzen du. Horrekin batera, sistema autonomoek materialen barne-garraioa kudeatzen dute, kokalekuak identifikatzen dituzte, eta ibilbideak optimizatzen dituzte denbora errealean.
Ekoizpen-gunean, TECNALIAk Iweld proiektua aurkeztuko du, soldadura eta fabrikazio aditibo autonomoko prozesuetarako soluzio berritzaile adaptatiboa. Soldadura-prozesuen automatizaziora eta produktibitatea handitzera bideratutako soluzio bat da, eta era guztietako junturetara eta piezen geometrietara egokitzen da. Software horrek prozesuaren adimena neurrira garatutako interfaze grafiko batekin uztartzen du, eta uneko prozesura egokitutako pantaila pertsonalizatuak eskaintzen ditu. Sistema hori gai da denbora errealean neurtzeko juntura eta egin beharreko soldadura, kalitate ezin hobea lortze aldera. Uneko beharren arabera doitzen ditu soldaduraren ibilbideak eta parametroak, eta, horrela, modu autonomoan lan egiten duen sistema bat lortzen da.
Makinak eta prozesuak osatutako multzo adimendun eta kolaboratibo batek inguruneaz eta uneko eragiketaz jabetu behar du, eta baliabide eta prozesu malguak izan behar ditu, uneko beharretara denbora errealean eta modu optimoan egokitzen direnak, kalitatea eta produktibitatea bermatze aldera. Bada hurbilketa horixe bera erakusten da TECNALIAren standeko ekoizpen-eremuan dagoen makina-simulagailu batean, zenbait erabilera-kasu argigarriren bidez.
Ingeniaritzaren eremuan, planoen agente analizatzailea ikusi ahal izango da, zeina gai baita, AA bisualean oinarrituta, antzeko planoak automatikoki identifikatzeko, kotak automatikoki ateratzeko eta bista nagusiak detektatzeko. Soluzio horrek nabarmen murrizten ditu eskaintzak egiteko eta prozesuak prestatzeko denborak. Horrez gain, ezagutza tekniko sakabanatua zentralizatzen du, aurreko programazioak berrerabiltzea errazten du, eta belaunaldien arteko erreleboa samurtzen du.
TECNALIAri buruz
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
TECNALIAren misioa da ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzea, eta ikuspegia, berriz, enpresen eta gizartearen eraldaketaren eragile lider gisa etorkizunari aurrea hartzea, gero eta azkarrago eboluzionatzen ari den munduaren erronketara egokitu daitezen.European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2025ean egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.

Iruzkin bat utzi