BIEMH azokaren egun berberetan egingo dituzte BeDIGITAL eta Addit3d. 4.0 industrian zeharreko ibilbidea osatuko dute bi horiek, industriaren eraldaketa digitalerako prestatzeko teknologien azken proposamenekin eta fabrikazio aditiboa egiten duten enpresen eskaintza oso zabalarekin.

Sektorearen erronka eta joera handiak landuko dituzte bi ekitaldiek. BeDIGITAL dagoeneko hasi da laugarren edizioa merkaturatzen. Edizio honetan, erakusketa eremuaz gain, Digital Talks hitzaldiak ere izango dira, asteazkenean, ekainaren 15ean, digitalizazio aurreratuaren azken berritasunak aztertzeko.

Bestetik, Fabrikazio Aditiboari eta 3Dri buruzko Nazioarteko Azoka da Addit3d, eta estatuan sektore aditiboaren inguruan egiten den ekitaldi profesional bakarra da. Seigarren edizio honetan, erakusketa eremua eta Additive Talks izango ditu honek ere. Hitzaldi-programa hori ostegunean garatuko dute, ekainaren 16an.

Gainera, BIEMH azokaren testuinguruan, Industrial Maintenance Innovation Conference-IMIC kongresua egingo dute ekainaren 13an (astelehena; egun osoan) eta 14an (asteartea; goizez). Eta Workinn ere egingo dute, Industria Enpleguaren Foroa.