BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak ekainaren 3tik 7ra Bilbao Exhibition Centren egindako 32. edizioa itxi du. Azokak, 66,4 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan du lurraldeko Barne Produktu Gordinean. Datu horrek bistan utzi ditu egitasmoaren dimentsioa eta proiekzioa.

Azokak, zuzeneko 1.344 enplegu sortu ditu eta, horrek, Foru Ogasunean 12,8 milioi euro inguruko sarrerak sortu ditu. BPGaren gainean izandako inpaktu positiboa indartu egin da nazioartetik iritsitako partaideei esker (erakusketariak eta bisitariak). Bisitarien kasuan, parte-hartzea % 56 igo da, aurreko edizioko datuekin alderatuta.

Beste lurralde batzuetatik iritsitako partaideen kopurua dela eta, azoka hau da EAEko negozio-turismorako ekitaldi esanguratsuenetakoa. Hala, hotelen, jatetxeen eta establezimendu komertzialen eta aisialdikoen jarduerek urteko indize altuenetakoa izan dute azokak iraun duen bitartean. Sektoreka, ondorio ekonomikoak honela banatu dira: ostalaritza % 58,4, garraioa % 10,9, txikizkako merkataritza % 5,1 eta aisialdiko eta kultura arloko jarduerak % 3,1.

BIEMHen eta aldi berean egindako beste azoketan (ADDITƐD, BeDIGITAL eta WORKinn Talent Hub) 67 herrialdetatik iritsitako 37.614 bisitari bildu dira, eta horietan 29 herrialdetako 1.604 enpresa erakusketari izan dira. BEC 26 egunez egon da okupatuta (muntaketa-lanak, azoka eta desmuntatze-lanak direla eta) eta, egun horietan guztietan, pabiloietako standak prest jartzeko 12.000 langile eta 8.000 ibilgailu inguru behar izan dira.

Bi urtean behin, BIEMH enpresa parte-hartzaileen lehiakortasuna sustatzeko, networkingaren bidez ezagutzaren eta harremanen trukea indartzeko eta, tokiko mugez harago, lankidetza-aukerak sortzeko ekitaldi estrategiko bihurtzen da.

Euskadiren mundu mailako posizionamendua eta fabrikazio aurreratuko enpresen sarea indartu egiten da BIEMH egiten den astean. Horretan, eragin handia daukate komunikabide orokorrek, espezializatuek eta BECen informazio-kanalek argitaratzen duten informazioa. BECen informazio-kanalek, gainera, gorakada handia izan dute erabilerari dagokionez: webguneak 340.000 bisita baino gehiago jaso ditu (aurreko edizioan baino % 23 gehiago) eta enpresa erakusketarien direktorioak milioi erdi bisita baino gehiago izan ditu.

BIEMHen hurrengo edizioa 2026ko martxoaren 2tik 6ra bitarte egingo da.