Bilbao Exhibition Centre-k jardueren egutegiari berriro ekingo dio

Garbitasun eta osasun neurri guztiak bermatzen dituen protokoloarekin

Bilbao Exhibition Centre jardueren egutegiari berriro ekiteko lanean ari da, urteko azken lau hilabeteetarako aurreikusita zeuden deialdiekin eta baita martxoan pandemia dela eta atzeratu ziren deialdiekin ere. Irailetik aurrera, euskal esparruan honako hauek antolatuko dira: Imaginenano, Retroclásica, Egurtek, FVO-Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka, Celebra eta BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa, beste batzuen artean.

Esparruan segurtasuna eta osasuna bermatzeko ekintza-neurrien protokolo propioa Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailburuak ezarritako arauari jarraiki diseinatuko da, eta Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuaren gomendioetan oinarrituko da. Azken honek maiatzaren hasieran AFE-Espainiako Azoken Elkarteak eta APCE-Espainiako Biltzar Jauregien Elkarteak, UFI-The Global Association of the Exhibition Industry eta EMECA-European Major Exhibition Centres Association elkarteekin elkarlanean, egindako proposamena barne hartzen du.

Agertoki berri honetan, BECeko arduradunek bezeroei, hornitzaileei, entitate antolatzaileei eta langileei garbitasun eta osasun neurri guztiak bermatzen dituen eremua eskaintzeko beharrezko mekanismo guztiak abian jarriko dituzte.

Azoka-, biltzar- eta ekitaldi-jarduera COVID-19aren krisian suspertze ekonomikorako funtsezko elementua da; beraz, BECek erantzukizun aktibo osoa gain hartuko du fase honetan eta baita gizarte, ekonomia eta ingurugiroaren jasangarritasun eredu baten sorreran ere.

Esperientzia positiboa eta segurua erabiltzaile guztientzat

Esparru segurua bermatzeko prozedurak honako hauek ditu kontutan: sarbideen kontrola; edukiera aldez aurretik neurtzea; pertsonen trafikoa eta urruntze soziala kontrolatzea eta monitorizatzea; instalazioen higienizazioa, garbiketa, kalitatea eta inguru-segurtasuna; autoritateekin eta osasun zerbitzuekin koordinazioa eta komunikazioa; eta egon litezkeen kasu “susmagarrietan” egin beharreko jarduketak eta haien arreta planak.

Hemendik aurrera, ekitaldi bakoitzean pertsonen eta ibilgailuen trafikoa erregulatuko da instalazioen sarrera eta irteeretan, eta kontrola errazteko sarbide puntuak murriztuko dira. Gainera, bisitariek aldez aurretik izena online ematea lehenetsiko da. Horrela, parte hartzeko baldintzen berri eman ahalko zaie, eta beraz, ilarak murriztuko dira, kontaktua saihestuko da eta trazabilitatea maneiatu ahal izango da behar izanez gero.

Edukieraren kudeaketari dagokionez, ekitaldi baterako bisitari kopurua denbora errealean ezagutzeko sistemak instalatuko dira. Sarrerak eta irteerak banatzea eta enpresa-paseak monitorizatzea mugimenduak kontrolatzen lagunduko duten beste neurri batzuk dira.

Merkataritza-azoken kasuan, eremuak handitzea gomendatzen da, eta baita pertsonak modu ordenatuan mugitzea ahalbidetzen duen banaketa egitea ere. Biltzar-jardueran, edukiera arauek zehaztuko dute espazioaren okupazioa, eta publikoaren arteko eta baita hizlariaren arteko segurtasun-distantzia mantenduko da. Bere aldetik, ikus-entzunezko, catering eta itzulpen enpresek, beste hornitzaile batzuen artean, haien higiene eta desinfekzio protokoloak indartuko dituzte zerbitzu egoki bat eman ahal izateko.

Inplementazioaren eraginkortasuna bermatzeko, BECek prozedurak etengabe berrikusi eta hobetzeko konpromisoa hartzen du, bai diseinua ikuskatzeko fasean, bai fase exekutiboan; jarduera egin den bitartean, nola jarri diren martxan eta nola bete diren, emaitzak eta eraginkorrak izan diren ebaluatzeko.

Prozesu osoak barne eta kanpo komunikazio aktiboa izango du, informazioa, kontzientziazioa, gizarte-jokabide egokia eta prebentzioa indartuko duena; instalazioak erabiliko dituzten pertsona guztien esperientzia positiboa eta segurua errazteko diseinatutako eskuliburuak, gidak eta seinaleak izango dira.

Ekitaldien industria, egokitzeko ahalmen handia duen suspertze ekonomikorako gakoa

 Azokek, biltzarrek eta ekitaldiek zeregin estrategikoa betetzen dute ekonomiarentzat, izan ere, komunitatearen eta enpresen zerbitzura dagoen tresna dinamizatzailea da eta negozio-turismoan efektu traktore handia du, hotelentzat, jatetxeentzat, dendentzat, garraioarentzat eta kultura- eta aisia-jardueretarako oso garrantzitsua dena.

Horregatik, Bilbao Exhibition Centre-ko taldeak hilabete hauetan modu trinkoan lan egin du, enpresak jarduera ahalik eta lasterren berreskuratzeko egiten ari diren ahaleginarekin bat egiteko eta indarberritze-fase honetako elementu erabakigarri gisa kokatzeko. Aldakorra den testuinguruan bere helburua ez da aldatu, baina balio handiagoa ematen zaio gaur egungo egoerari; zuzeneko topagune diren esparruak izatea, non produktu berritzaileak eta teknologia funtzionamenduan aurkeztu, hornitzaile edo bezero berriak bilatzea, merkatuaren egoera aztertzea eta kalitatezko harreman profesionalak ezartzea, datozen erronkei aurre egiteko formula beharrezko eta ordezkaezin gisa planteatzen da.

Horrela, BECek enpresei bultzada emateko askotariko programazioa zehazten ari da, merkataritza-beharretara eta merkatuaren egoerara egokituko dena. Bezeroentzat negozio-aukera berriak bilatzeak jarduera-etapa hori markatuko du, zalantzarik gabe. Horretarako, euskal erakundea egiaztatuta dagoen bere eraldatze-gaitasunean oinarrituko da. Azken urteotan, nabarmen aldatu dira egutegiaren osaera eta topaketa-ereduak, berrikuntzarekiko eta lidergo iraunkorrarekiko konpromiso sendoagatik.

-ek idatzirik|2021-04-09T13:15:47+02:009 de uztaila de 2020|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top