Ongietorria egin zaie gaur Hosted Buyers’ Programmeko enpresa guztiei, eta aipamen berezia egin zaie BIEMHen edizio honetako herrialde gonbidatua den Mexikoko enpresei. Zalantzarik gabe, azokan presentzia handia duen herrialdea eta industriarako merkatu estrategikoa den herrialdea da Mexiko. Besteak beste, automobilgintzan, industria aeroespazialean, etxetresna elektrikoen sektorean, bai eta moldistan eta banaketakoan diharduten 70 enpresa erosle mexikarrek baino gehiagok hartuko dute parte azokan aste honetan.
Harrera egin ondoren, Mexikok Espainian duen enbaxadorea, Quirino Ordaz jaun txit gorena, Mexikoko enpresekin bildu da. Jarraian, ongietorri ofiziala egin diete enpresa mexikarrei bertaratutako ordezkariek: Cristina Campo, BECeko Bisitarien Zuzendaria; Xabier Basañez, BECeko zuzendari nagusia; José Pérez Berdud, AFM Clusterreko presidentea; eta Ainhoa Ondarzabal, Basque Trade & Investmenteko kontseilari delegatua. Ondarzabalen hitzetan, “gure esportazioen % 9,3 Ipar Ameriketara doa eta Mexikon daude egoitza gehien (192 enpresetako 260 egoitza, hain zuzen). 192 enpresa horietatik, 52 makina-erremintaren sektorekoak dira, eta horietatik 20k bertan ekoizten dute. Oso datu esanguratsua da hori eta sektore horretan bi herrialdeen artean dagoen harreman estua erakusten du”.
Ongietorriaren ondoren, Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloiak bisitatu ditu taldeak, sektoreko azken berrikuntzak bertatik bertara ezagutzeko. Eta uneotan, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea BIC Bizkaia Ezkerraldea eraikina aurkezten ari da nazioarteko erosleen aurrean.
VIP erosleen programa honek enpresa erakusketarien eskaerak biltzen ditu, eta ehunka profesional estrategikoren presentzia bermatzen du horrela. Munduan liderrak diren enpresen erabakitzeko ahalmena duten 300 goi-kargu inguruk parte hartzen dute programan aurten.
Bilera andana adostu dute, dagoeneko, hainbat sektoretako enpresa garrantzitsuek, bai eta inbertsioak handitu ere. Sektore horien artean, aipatzekoak dira automobilgintza, aeronautika, aeroespaziala, trenbidea, energia, siderurgia eta ekipamendu-ondasunak. Hosted Buyers’ Programme ekimen paregabea da mundu mailako azoka liderren artean, eta, zalantzarik gabe, BIEMHeko eskaintza erakargarrienetakoa bihurtu da, Basque Trade & Investment eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Iruzkin bat utzi