Talentua ‘Startup Villagen’

BeDIGITAL-Industriari aplikatutako Eraldaketa Digitalaren Azokak erakusketarien eremu garrantzitsua du, eta aurten 120 enpresa inguru daude puntako teknologia digitalaren azken produktuak erakusten. 6. pabilioiak arlo digitaleko irtenbiderik berritzaileenak izango ditu, 130 produktu eta berrikuntza baino gehiagorekin.

Aurtengo edizioan, BeDIGITALen jarduera indartu egin da programa osatzen duten arloetako edukiari, balioari eta ezagutzari dagokienez.  Ekimenak enpresek haien heldutasun digitala areagotzeko duten beharrean jarri du arreta, eraldaketa digitalak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko baldintza baita hori, batez ere nazioarteko merkatuekin lehiatzeko unean. Merkatuko joerek ohartarazi dute, alde horretatik, informazio digitala, prozesuen automatizazioa, balio-katearen barneko konexioa eta kontsumitzailearekin interfaze digitalak sortzea direla negozio-ereduak birdefinitzen eta industria berrantolatzen ari diren palankak. Hori guztiaren adierazle izateko, nazioarteko hitzordu honetan eraldaketa digital horren protagonista izatera bideratuta dauden azken berrikuntza teknologikoak daude, besteak beste, big data, IoT, blockchain, adimen artifiziala eta robot kolaboratiboak.

BeDIGITALek Startup Village bat izango du, Fabrikazio Aurreratuko teknologien startup guztiak barne hartzen dituen eremua, baina baita erabiltzaileen sektoreei lotuta daudenak ere, esaterako Energia, Aeronautika edo Automobilgintza sektorekoak, besteak beste. Eremua kolektibo horrentzako aukera berriak sortzeko xedearekin sortu da. Edizio honetan, Startup Villagek beste urrats bat egin du azokaren barruan finkatzeko, lankidetza-hitzarmena sinatu baitu BIND 4.0 azeleratzailearekin, plataformako startupek eremu erakusketari berritzaile horretan parte hartzeko aukera izan dezaten.

BeDIGITAL AFM-Advanced Manufacturing Technologies eta Bilbao Exhibiton Centrek antolatu dute (BEC), eta GAIA eta Eusko Jaurlaritza-SPRIren lankidetza izan dute. Haien merkatu-hobian liderrak diren hainbat enpresaren babesa izan dute, hala nola Logitek, Ekon, Lantek eta Weroirena, bai eta erakundeen aldetik, Bizkaia-Beaz eta Innobasquena ere.

-ek idatzirik|2022-06-15T16:10:58+02:0015 de ekaina de 2022|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top