BIEMH 2022, funtsezko topaketa 4.0 industriaren superraldia finkatzeko

Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 31. edizioa EMO Milanen aurkeztu da

Milan, 2021-10-07 – Betiko nortasunarekin, baina indartsuago, Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren (BIEMH) 31. edizioa aurkeztu da gaur eguerdian Milanen. EMO azoka BIEMHen nazioarteko kanpaina martxan jartzeko abiapuntua izan da. Azoka 4.0 industria ekonomikoki dinamizatzeko hitzordu estrategiko gisa dator berriro. Hala jasotzen du haren claim-ak: more BIEMH than ever (BIEMH, inoiz baino berezkoagoa).

Ondorengoek hartu dute parte ekitaldian: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centre-ren zuzendari nagusia; Xabier Ortueta, AFM Klusterraren zuzendari nagusia; eta Pello Rodríguez, DanobatGroup-en zuzendari nagusia eta Corporación Mondragón-en presidenteordea.

“Nazioarteko mugikortasunaren irekierak aukera eman digu EMO Milan honetan biltzeko, makina-erremintaren industria puntakoena erakusteko, eta erakusleiho hau baino zer hoberik gure hitzordu industriala aurkezteko: Makina-Erremintaren Nazioarteko Benala. Hitzordu hori ilusio berrituarekin ospatuko dugu 2022an, 2020a bertan behera uzteak sektorearentzat ekarri zuenaz jabetuta eta galdutakoa berreskuratzeko ez ezik, jauzi kualitatibo bat emateko eta Euskadi etorkizuneko olatuan kokatzeko prest, herrialde industrial berritzaile eta nazioarteko erreferentzia gisa”, adierazi du Arantxa Tapiak Soraluzeko standean egindako hasierako-ekitaldian. “2024rako helburua da susperraldi ekonomikoarekin gure Barne Produktu Gordinean industriaren eta zerbitzu aurreratuen pisua handitzea, gure manufaktura-ahalmena zerbitzu aurreratuen eskaintzarekin uztartuz. Industria berritu, moderno, digital, inklusibo eta jasangarriaz ari gara. Basque Industry 4.0 estrategia garatzen eta hobetzen jarraituko dugu, eraldaketa digitalaren testuinguruan, Data Center bat sortuz, zeinak Basque Cibersecurity Center-ekin eskutik jardungo duen, bai ala ez”, azaldu du.

“2022ko BIENALA izango da Euskadiren industria-bokazioa indartzeko modu publiko-pribatuan lan egingo dugun hitzordua. Industria berritzaile eta iraunkorra. Produktuak ekoiztez eta zerbitzu aurreratuak eskaintzez gain, ahalegin guztiak egingo ditugu 2022ko Biurtekoa sustatzeko eta merkaturatzeko. Espero dut merezi duen moduan ospatzea eta gogoratzea, eta punta-puntakoa izatea etorkizuneko Euskadiko gihar teknologikoa erakusteko”, gehitu du Arantxa Tapiak.

Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centre-ko Zuzendari Nagusiak, sailburuaren hitzak berretsi ditu bere hitzaldian: “Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa Europako industria-deialdi garrantzitsuenetako bat da, eta, 2022an, bere bertsiorik onena eskainiko du, eta berriro elkar ikusteko plataforma handi bat bihurtuko da. Azoka funtsezkoa izango da zuzeneko harremana berreskuratzeko eta berrikuntzari, baliozko aliantza pertsonalei eta merkataritza-eragiketei beste bultzada bat emateko. Berriro estutuko dizkiogu eskuak elkarri, eta negozioak egingo”.

Basañezek azaldu duenez, “gainera, markarekin batera joan ohi den eslogana mantendu dugu, eta You make it big again (zuk handi egiten duzu berriro) bihurtu, parte hartzen duten enpresei inoiz baino gehiago eskertzeko haien espiritu berritzailea, asmo handia eta leialtasuna”. BIEMHen sendotasunak erakusketarien indarra islatzen du, munduan lehen lerroan baitaude aurrerapen teknologikoei eta neurrira egindako soluzioei dagokienez.

Bestalde, AFM Klusterraren zuzendari nagusi den Xabier Ortueta optimista agertu da ere azokaren 2022ko edizioari dagokionez: “Itxaropen eta ilusio handia dugu BIEMHen edizio berri honetarako. Hilabete asko azokarik gabe eman ondoren, bezeroak berreskuratzeko eta berriro ikusteko ekitaldi bat izatea espero dugu. Gure fabrikatzaileek beti izan dute konpromiso handia BIEMHekin, eta, aurten ere, azoka-esparrua makinaz eta merkaturako proposamen interesgarriz beteko da, baita teknologia aurreratuan inbertitzeko gogoa duten bisitariz ere. Produktibitatea, jasangarritasuna eta digitalizazioa dira oraingo hitz nagusiak”.

Pello Rodríguezek, DanobatGroup-en zuzendari nagusiak eta Corporación Mondragónen presidenteordeak, adierazi duenez, “BIEMH erakusleihoak jatorrizko merkatuan dauzkagun gaitasunak ezagutarazteko aukera ematen digu; horrela, gure posizionamendua indartzen dugu, eta bezeroak eta hornitzaileak erakartzen ditugu”. Halaber, uste osoa du COVID-19aren ondorengo garaian industria-jarduera suspertu egingo dela eta aukera berriak agertuko direla, ziurgabetasuna nagusi den arren:

“Gure ustez, aukera berriak sortuko dira, eta DanobatGroup-ek lanean jarraituko du fabrikazio aurreratuan eta digitalizazioan erreferentzia izateko. Izan ere, DanobatGroup-en ezaugarri nagusia da epe luzera begiratzen duela, eta, horri esker, fabrikazio industrialaren eraldaketekin aurrera egiteaz gain, etorkizuneko erronkei aurrea hartu ere egiten die, negozio-eredu jasangarri batean oinarrituta, hitzaren zentzurik zabalenean”.

Bost kontinenteetan nagusi diren enpresekin eta 4.0 berrikuntzaren ikuspegi osoenarekin nazioarteko topaketa handi bat egiteko asmoz jarri dira martxan erakusketariak eta bisitariak erakartzeko kanpainak. Lehenengorako, besteak beste, hurrengo herrialdeetara bideratu dira ahalegin komertzialak: Alemania, Austria, Belgika, Txina, Frantzia, Herbehereak, Italia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Suitza, Taiwan, Turkia eta Espainia. Herrialde horiek guztiak aspalditik daude erakusleiho teknologiko aurreratu honetan. 2018an, 21 herrialdetako 1.751 erakusketarik baino gehiagok eta 42.000 bisitarik hartu zuten parte BIEMHen 30. edizioan. Haren eragin ekonomikoa 42,7 milioi euro baino gehiagokoa izan zen.

Horrekin guztiarekin, BIEMH 2022 Bilbao Exhibition Centre-ko ekitaldien egutegiko gertakari garrantzitsuenetako bat izango da. Topaketak mundu osoko milaka fabrikatzaile eta erosle erakarriko ditu bost egunez, eta Euskal Herriko negozio-turismorako gertakari garrantzitsuenetako bat bihurtuko da.

BIEMH AFM – Advanced Manufacturing Technologies-ek eta Bilbao Exhibition Centre-k antolatzen dute, eta Eusko Jaurlaritzaren eta AIMHE – Makina-erremintaren Inportatzaileen Elkartearen laguntza du.

 

-ek idatzirik|2021-10-07T11:32:23+02:007 de urria de 2021|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top