Women in Industryren lehen eguna

“Aukera ekonomikoak galtzen ari gara, ahalmen eta gaitasun ezberdinak ez aprobetxatzeagatik”. Ana Anduezak, Professional Women´s Network Bilbao sarearen presidenteak, hitz horiekin eman dio hasiera Women in Industry (WIN) programari. AFMk, BECek eta PWN Bilbaok lehen aldiz txertatu dute programa BIEMH azokan.

“Ez dugu atzean geratu nahi, itxaroten eta begira. Zerbait egin nahi dugu, orain. Horregatik gaude gaur hemen, BIEMH TV-n eta Learn aretoan egingo diren konferentzietan, talks-etan eta mahai-inguruetan hitz egiteko eta eztabaidatzeko”, nabarmendu du Anduezak.

Ekitaldi berean parte hartu du Xabier Basañezek, BECeko zuzendari nagusiak, eta honakoa adierazi du: “BECen eta PWN Bilbaoren artean sinatutako akordioaren fruitua da baterako egitasmo hau. Jardunaldietan zehar lidergo partekatuaren garrantzia bistaratzea eta industrian emakumeen presentzia indartzeko beharraren gaineko eztabaida zabaltzea dira helburuak”.

Halaber, Juan María Aburto Bilboko alkatearen hitzetan, “WINek aurrerapauso bat eman du egungo eta etorkizuneko erronka honetan. Benetako aukera-berdintasuna da erronka hori. Horren gaineko adostasun erreala dago, ia ahobatezkoa, hamarkada askotan maila guztietan emandako borroka feministaren ondorioz”.

Azkenik, José Pérez Berdudek, AFM- Advanced Manufacturing Technologieseko presidenteak, honako hau esan du: “Emakumeak, historikoki, zeregin garrantzitsua izan du beti industrian, eta bere ekarpenaren erregistro ugari daude hainbat sektoretan. Hori zalantzarik gabeko egitatea da, baina, era berean, ikusgarritasuna eta aintzatespena oso urriak izan dira beti, baina ez dira existitzen. Sektore gisa ibilbide interesgarria egin dugun arren, egia da asko falta dela normalizatzeko”.

Gaur hasi da WIN. 4. pabiloian kokatutako BIEMH TV agertokian saio hauek izan dira: “Sormena, berrikuntza eta generoa” eta “Industria arloko erronka teknologikoak”. WIN-eko standean, berriz, “Arlo publikoaren erronkak” saioa izan da. Azken saio horren itxieran parte hartu du Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak. Bihar 11:00etatik 12:30era garatuko da egitaraua, eta, ostegunean, 10:00etatik 13:30era.

Enpresen arloan eta, bereziki industrialean, genero-berdintasuna izatearen beharrari buruzko gogoetarako eta eztabaidarako gunea da. Sektoreko berdintasun arloko jardunbide egokienen inguruko eztabaida egiteko gune espezifikoa da; izan ere, esparru horretako enpleguaren laurden bat baino gutxiago betetzen dute emakumeek.

Helburua da emakumeek industrian eta, batez ere lidergo-postuetan, presentzia handiagoa izateko beharraren inguruan kontzientziatzea eta genero-berdintasunarekin lotuta enpresa mailako liderren eta lider politikoen konpromiso handiagoa lortzea. Era berean, programa horrek industriaren sektorean generoaren orekak duen garrantzia erakusteko proposamenak eskaini nahi ditu.

-ek idatzirik|2022-06-14T15:32:51+02:0014 de ekaina de 2022|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top